Ikasmaterial propioa

IKASMATERIAL PROPIOA

HAUR HEZKUNTZA (3-6)

  • URTXINTXA PROIEKTUA

Norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta ekiten ikasten dute ikasleek. Era globalizatu batean egiten dugu lan (arloak bereiztu gabe) eta planteamendu eraikitzailea jarraitzen dugu, hau da, ikaslea da ikasketaren protagonista.

Pedagogía aktiboa bultzatzen dugu. Ikasleak eraikitzen du bere ikasketa, eta irakasleak laguntzeko, egoerak eskaintzeko, estrategien garapenak ziurtatzeko… daude.

Etapa honetan txokoetan egiten dute lan. Ipuinen txokoa, musikaren txokoa, sukaldearen txokoa… dituzte gela barruan. Tarteka beste txoko batzuk antolatzen dituzte: animaliena, beldurrarena…

Haur Hezkuntzaren xedea haurrari bere garapen fisikoo, afektibo, sozial eta intelektuala lortzen laguntzea da. Haurrari bere buruari buruzko irudi positiboa eraikitzen laguntzen diogu, sormena eta ekimena suspertzen elkarbizitzan eta elkarlanean ikasten.

Honetan guztian oinarritzen da URTXINTXA proiektua.
 

LEHEN HEZKUNTZA (6-12)

  • TXANELA PROIEKTUA

Lehen Hezkuntzako ikasleak umeak dira oraindik baina nortasuna zirriborraturik dute. Etorkizunean nolakoak izan daitezkeen antzeman daiteke baina ez nolakoak izango diren, aukera guztiak zabalik dituztelako: dena dute ikusteko, dena ikasteko.

Etapa honetan TXANELA proiektuarekin ari gara lanean. Ikas prozesua bere osotasunean hartzen duen materiala da, arlo ezberdinak proiektu baten inguruan era globalizatu batean lantzen ditu.

TXANELA proiektuak Euskal Curriculumak oinarritzat dituen bost konpetentzia orokorrak lantzen ditu: norbera izaten ikasi, ikasten ikasi, komunikatzen ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta ekiten eta egiten ikasi.

Ikasleek, bakarka, talde txikian edo handian egiten dituzte Txanelako jarduerak. Irakaslearen papera motibatzailearena, gidatzailearena, laguntzailearena edo moderatzailearena da. Ikaslea subjektu aktiboa da, bere ikas prozesuaren protagonista nagusi bilakatuz.

 

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA (12-16)

  • OSTADAR PROIEKTUA

Etapa honetako ikasleak nerabezaroan daude, aldaketa handien garaian. Gorpuzkeraz aldatuko dira eta sentimenduen anabasak hartuko die bihotza. Bai eta ez esaten ikasi behar dute. Egoera bakoitzari bere neurria hartzen, bizitzako proiektu bat eraikitzen.

Hezkuntzan dituzten erronkei aurre egiten lagundu behar diegu, prestakuntza integrala ematen, arlo zientifikoan, humanistikoan, teknologikoan, hizkuntzen arloan. Horrek guztiak ikastolaren eta familien arteko harreman estua eskatzen du.

Arlo guztietan egungo curriculumak eskatzen duen edukien  lanketa integrala egiten dugu.
Hau guztia, OSTADAR proiektuaren bidez egiten dugu.

  • EKI PROIEKTUA

Euskal curriculuma, konpetentzien lorpena eta Integrazioaren Pedagogía oinarri dituen proiektu berria da hau, aurten DBH 1en ezarri duguna eta datozen urteetan, era progresiboan, OSTADAR ordezkatuko duena.

ELEANITZ INGELESA

Zubi Zahar Herri Ikastolan Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Eleanitz     Proiektuko materialak erabiltzen ditugu ingelesaren irakaskuntzan.

Gure ikasleak  4 urterekin hasten dira ingelesa ematen eta  DBHko 3. eta 4.mailetan Gizarte Zientziak ingelesez ematen dituzte, hau da, ingelesa irakas-hizkuntza bihurtzen da, curriculumeko irakasgai bat emateko.

Ikasmaterialak  dira proiektuaren muina eta bihotza. Materialetan islatzen dira hizkuntzen irakaskuntzari buruzko ikusmolde teoriko-metodologikoak eta helburuak lortzeko aukeratzen diren edukiak eta jarduerak.

Materialen planteamendu teoriko-metodologikoan eta horien aplikazioan eta hobekuntzan oinarrituz egiten da  irakasleen prestakuntza.
 

ELEANITZ FRANTSESA

Frantsesa da ikasleek  DBHtik aurrera lantzen duten laugarren hizkuntza.

Ikasleek astean bi ordu dituzte frantsesa ikasteko.

Ingelesa lantzeko metodologiak eta materialek izandako emaitza onak ikusita, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Eleanitz-Français lantzen hasi zen.

Gaur egun Zubi Zahar Herri Ikastolan Eleanitz Proiektuko material propioa erabiltzen dugu frantsesa irakasteko.

Ingeleseko kasuan bezala, frantses-irakasleek  etengabeko prestakuntza jasotzen dute eta hau materialen aplikazioan zein hauen hobekuntzan oinarritzen da.

 

 

 

 

Share/Save