Agurra

TEKNOLOGIA BERRIETAN URRATS GARRANTZITSUAK EMANEZ HEZKUNTZA KALITATEA HOBETUKO DUGU.     

Gaur egungo gizartearen aldaketei erantzun beharrak ikasleen prestakuntzan etengabeko berrikuntzak txertatzera bultzatzen gaitu eta horretan saiatzen gara eguneroko jardunean.

Berrikuntza horien artean teknologia berriak aipatu nahi ditugu:

Duela 5 urte Ikastolen Elkarteak hezkuntzara egokitutako IKT proiektu baten beharra ikusi zuen. Horretarako, helburu batzuk zehaztu zituen eta ardatz nagusiak finkatu: azpiegiturak, irakasleen formazioa, giza baliabideak (dinamizatzaile bat eta teknikari bat) eta material propioa sortu.

Zentzu honetan, Zubi Zaharren izugarrizko aurrerakuntza eman da azken urteotan azpiegiturari dagokionez, Une honetan ikastolako ekipo guztiak sarean dauzkagu, ikasgela eta irakasleen bilgela guztietan ordenagailu bana daukagu, Internet eta guzti, eta bigarren Informatika gela ipintzeko urratsak ematen ari gara

Formazioari dagokionez, azken urteotan irakasle guztiek ikastaro desberdinak egiten ari dira. Bestalde, dinamizatzailearen figura jada errealitatea da ikastolan, eta IKT taldea ere osatu da teknologia berriak are gehiago bultzatzeko.

Horrez gain, kudeaketa akademiko, ekonomiko eta administratiboaren hobekuntzarako IKASDAT aplikazioa erabiltzen dugu eta komunikazio esparrua indartzeko IKASWEB martxan jarriko dugu aurten.

URTXINTXA proiektuari jarraituz Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleak hiru urtera heltzean, ordenagailuaren aurrean hasten dira euren lehen urratsak ematen. Ikasgelan Matematika, Hizkuntza, Plastika...bezalako ikasgaiak landu ondoren, ikasleek, klasean azaldutakoaren osagarri modura, landutako guztia ordenagailuaren pantailan ikusi eta entzuten dute. Bertan, marrazkiak, puzzleak, ipuinak, olerkiak... lantzen dituzte, baina modu interaktiboan, partehartzaile zuzenak bilakatuz.

Lehen Hezkuntza osoan erabiltzen dugun TXANELA proiektuaren ikasmaterialen barruan CD- Rom-ak ditugu hainbat jarduera burutzeko eta beste hainbat erreforzatzeko. Horrez gain, ikasgeletan INTERNET edukitzeak edozein momentutan ikasleek beharrezkoa duten informazioa aurkitzea errazten du. Berrikuntza modura, aurten 5. eta 6. mailetan IKT curriculuma aplikatzen hasiko gara, Txanela proiektuari uztartuz.

Informatika irakasgaia berez aukerakoa izan arren Zubi Zaharren aspalditik daukagu derrigorrezko arlo modura ezarrita LH 4. mailatik gora. Bestalde, DBHn, irakasgai gehienetan IKTak gero eta gehiago erabiltzen dira informazioa bilatzeko, lanak burutzeko, aurkezpenak egiteko… Iaz hasitakoari jarraituz, DBH 1eta 2koak Matematika Tailer Digital delakoan arituko dira eta DBH 4koak laburmetraien ekoizpenean ausartuko dira.

Share/Save